Duela hilabete eskas bat iragarri genuen ZETAKek ‘Zu’ abestia kaleratu zuela, ‘Aaztiyen’ disko berriaren lehen aurrerapena. Bada, aurreko astean abenduan publikatuko duen albumeko bigarren singlea aurkeztu zuen. ‘Aralarko Dama’ euskal mitologiako Mariri egiten dio erreferentzia, eta Pello Reparaz taldeko buruaren arabera, «hau da ZETAKen sonoritate berria hobekien erakusten duen abestia, gure kolore paletaren muestra».
Arbizuko abeslariak azaldu duenez, «bene-benetan bakarra den zerbait sortu dugun sentsazioa dut ‘Aralarko Dama’rekin, izan ere, musika herrikoiaren markoan kokatzen den unibertsoa bisitatzeko beste aukerarik ez dago beste inon; abesti hau ezin da Kanadan, Indian edo Errusian idatzi. Euskal Herrian soilik idatzi zitekeen abesti bat egin dugu eta oso harro gaude».
Aipatzekoa da aro berrian murgildu aurretik trantsizio une bat izan duela ZETAKek azken abestiekin, hau da, ‘Pa Amb Oli I Sal’ abestian «sonoritate berriaren» hasiera bat aurkeztu zuen taldeak. «Elementu elektronikoetako salto txiki batekin hasi zen dena», dio Reparaz eta ez du ahaztu nahi izan ‘Aaztiyen’ proiektuko ildo beretik doan abesti katalana lehen zubia izan zela, «bertan aurkeztu zelako lehen aldiz baxu elektroniko perkusiboa». Ondoren, eta ‘Aaztiyen’ markarekin, ‘Zu’ singlea kaleratu zuen, lehen aipatu bezala. «Abesti horretan baxu elektroniko perkusiboaz gain instrumentu tradizionalak ageri dira eta proiektu berria izango denaren sonoritatea jartzen da mahai gainean. Bi zubi horien ostean, orain bai, heldu gara ‘Aaztiyen’ albumaren sonoritatearen muinera», dio musikariak, eta «mundu globalizatu erraldoi honetan oso interesgarria ikusten dut abesti hau Arbizuko mutil batek idatzi duela sumatzea» gaineratu du.
Marik, euskal erlijio zaharreko jainkosak, izen ezberdinak har ditzake bere etxea non kokatzen duen kontuan hartuta. Anbotoko etxea da ezagunena baina elezaharrak dio zazpi urtean behin etxez aldatzen dela. Aralarren izan ohi du etxetzat hartzen duen kobazuloa, eta bertan bizi denean Aralarko Dama izendatzen dute inguruko herritarrek. Abesti honek garai konkretu batean gertatu zenari egiten dio erreferentzia, pertsonaia mitologikoek euren izatea zalantzat jartzen duten garaian, hain zuzen. Ihesi eta ezkutuan ageri diren Lamiek haien bizitza eskaintzen diote Aralarko Damari.
Abestiari dagokionez, ‘Aralarko Dama’ren leloa Lamiek abesten dute. «Pertsonaia ezberdinei erreferentzia egiten dien ahotsak daude diskoan eta bakoitzak du bere zergatia», azaldu du Reparazek. Kasu honetan, alboka da abestiaren irudikapen nagusienetako bat, panderoa eta kanpaiez gain.
Kanta berrian sonoritate berriari erreferentzia egiten dioten euskal instrumentuak dira nagusi beste instrumentu globalagoekin uztartuta. Horrez gain, Unanuko Mamoxarroen berrinterpretazioa egiten da herrialde honetako historia eta tradizioari omenduz. Reparazen aburuz, «maskaradun ejerzito horrek gure jendartea islatzen du».
Betsalde, azpimarratzekoa da Youtuben ikusgai dagoen bideoklipak hizkuntza ezberdinetako azpitituluak dituela publiko zabalarentzat. Aro berri honetan gure herriko kultura ikusgarria, soinu bereziak eta tradizioak haratago eraman nahi dira munduan zehar. Izan ere, euskal kultura euskaraz kontsumitzeko gonbita zabaldu nahi zaio munduko edozein norbanakori.
Emozioak eta tradizioa, eszeptizismotik
‘Aaztiyen’ diskoak emozioak eta tradizioa eszeptizismotik jorratzen ditu. Artistaren hitzetan, «emozioak ez dira sortzetikoak, eta tradizioa ere ez da berez gizakiarena. Biak dira denboran zehar garatu, oinordetzan jaso eta manipulatu ditugun eraikuntza sozialak».
Arbizuko euskaran ‘Aaztiyen’ ‘lehentxeago’ esan nahi du, eta aurreratu duenez, lan hori bizi garen erregimen emozionalaren zeharkaldia da. Abesti bakoitzak emozio bat lantzen du. Barruko eta kanpoko ahotsek gure emozioetan eragiten duten ikuspegi konplexuak irudikatzen dituzte. Zentsurak, autozentsurak eta presio sozialak senarekin borrokatzen dute.
Era berean, alboka, pandereta eta irrintziak ZETAKen soinu-identitatean gehitzen dira. Euskal elementu tradizional horiek erabili, desitxuratu eta ia lotsagabeki prostituitzen ditu. Izan ere, euskaldunak al dira? Noiztik dira gure tradizioaren parte? Zenbat denbora igaro behar da zerbait ‘gurea’ izateko? Gure tradizioak eta emozioak antzinakoak al dira? Edo ez hainbeste?
Enlace de origen : Euskal izaki mitologikoak, ZETAKen 'Aralarko Dama' abesti berrian