Amets Arzallus, Bilboko bertso saioan. / BERTSOZALE ELKARTEA

Bilboko saioan 662 puntu lortu eta Julio Sotok ezarritako langa gaindituta, Iruñean izango da Hendaiako bertsolaria Aitor Mendiluzerekin batera

Saio bikaina eta beroa izan zen atzo Bilbon entzun zena. Jokoan zegoenaren neurrikoa izan zen hasi eta bukatu, eta entzuleak adi mantendu zituzten bertsolariek arratsalde osoan zehar. Faboritoak faborito zirelako, eta finalerako txartela zaila zutenek zer galdurik ez zutelako. Hala, abenduaren 18ko finalean Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal eta Joanes Ilarregi izango dira Maialen Lujanbiorekin, egungo txapelduna. Izan zen zer txalotua.

Hamarreko txikia oso goitik hasi zuten atzo bi beteranoenek. Alderdi politiko berekoak izatea tokatu zitzaien Aitor Mendiluzeri eta Amets Arzallusi. Lehenengoa alkate izana zen urte luzez, baina azkenengoan Arzallusek irabazi zituen. Hor ari ziren berriketan, botere aldaketa nola egin: «Urtetan etorri naiz udal beharrera / behar zen aurpegia behar zen jarrera / ohitu nintzen orera ta ohitu txarrera / gaur eskuinez kargua pasatu ta aurrera / beste zerbait pasako dizut ezkerrera». Arzallusek zeharkako hizketa beharrik gabe erantzun zion alderdikideari: «Dinastia guztiek dute akabera / mahai azpitik dirua gainetik papera / hala fiatu ginen gu PNVra / alkatatze hartzeko hauxe dut galdera / oraindik kutxan zerbait gelditzen ote da».

Joanes Ilarregiri eta Saioa Alkaizari ere gertukoak izatea egokitu zitzaien, lagunak zehazki. Alkaizak urteak zeramatzan elikagai bankuan bolondres lanetan, eta Ilarregi bertaratzeko konbentzitu nahi zuen. Ilarregik ezekoa eman zion hasiera-hasieratik: «Gonbitea zugandik horrela iritsi / jende dexente oso larri dela bizi / guk etxean daukagu zailtasun ta krisi / laguduko nieke hori dut iritzi / baina etxea ikusi behar da lehenbizi». Bolondresari ez zitzaion erantzuna balekoa iruditu: «Kale gorrian daude bizitzeko atakan / ta elikagai bankua da izar bat mapan / etxea ongi duzu ez erori tranpan / ta denbora soberan horra zaren talkan / ta beraiek ordea janaria faltan». Ilarregin bereari eutsi zion hiru bertsoetan, eta Alkaizak behin eta berriz erantzun zion.

Zortziko nagusian lanik osoenak entzun ahal izan ziren. Arzallus neba-arrebei arkeologoak izatea egokitu zitzaien, Irulegiko aurkikuntza egin zutenak, zehazki. Anaia hasi zen hitz joko bikain batekin: «Euskaldun zaharrak omen zirela barbaro agrafo beltzak / maiz esan dute politikoek zientzilari ta jendetzak / irulegiko esku honekin pozetan dauzkat bi ertzak / guretzat a zer bostekoa ta masailekoa bestentzat». Arrebak elkarrizketari jarraitu zion: «Egia da bai egin dugula sekulako aurkikuntza / baina euskara ezin da izan arkeologiak hutsa / zuk esan duzun politikoek beharko diote bultza / beste bi mila urtetan ere biziko bada hizkuntza».

Alkaiza eta Mendiluze, berriz, metalgintzako langileak izan ziren, goizeko bostetan greba piketeetara joateko etxetik atera zirenak. Lan bikain eta borobila izan zen, Alkaizak idealen indarretik egin baitzuen lana, eta Mendiluzek arrazoi praktigoen ikuspegitik. Nafarroako txapelduna hasi zen: «Goizeko bostak ta eguzkia dago egunsentia urtzen / Artealden gabiltz ohikua zipaioak gu egurtzen / guk metalaren sinbolo gara erreza dugu laburtzen / gori gaituzte ipintzen baina ez gara erraz makurtzen». Esan bezala, hankak lurrera itsatsi nahi zian zizkion lankideak: «Zure epika zure indarra neurriz kanpokoak kasik / ez ginakete hemen egongo arazo izan ezik / ni zure ondoan nago Saioa baina ez zu bezain pozik / hau ez delako aukera on bat aukera bakarra baizik».

Ganbarako lanak ikuspegi ezberdinetatik heldu zieten. ‘Kanporatu egin zaituzte, bizitza aldatu zaizu’ zen gaia. Jone Uriak katedratiko baten larrutik kantatu zuen, marra batzuk pasatzea ordaindu behar izan zuena. Honela bukatu zuen lana: «Garai batean ospetsu eta katedratikoa / noizpait izan nahi zuena irakasle emeritoa / ustez hilko noizbait izanik beti jainkoa / baina harrapatu ninduten eta ni gauza logikoa / badut jubilazio bat hori omen da ohikoa / bidali ninduten eta eginda numeritoa / baina orain naiz gizajo triste ta patetikoa / hau izango entzuten den justizi petikoa».

Finalerako zortzikoa, osatua

Behin finalaurrekoak amaituta, abenduaren 18an Iruñeako finalean arituko den zortzikoa osatua dago jada. Amets Arzallusek saioa irabazteaz gain Julio Sotok ezarritako langa gainditzeko adina puntu lortu ditu Bilbon (662 puntu), baita Aitor Mendiluzek ere (661 puntu).2017ko txapeldun bezala Maialen Lujanbiok zuzeneko txartela du eta puntu nahikoak lortuta oholtzan izango dira ere, Arzalus eta Mendiluzez gain, Alaia Martin, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Nerea Ibarzabal eta Joanes Ilarregi.

Enlace de origen : Saioa eta finaleko txartela, Amets Arzallusentzat