Hamazazpi urte besterik ez ditu, baina Sergi Sarmientok argi dauka zein den bizitza honetan bere patua: gehien gustatzen zaionaz, bere «pasioaz» bizitzea, eta ongi bideratuta doa. Hamabi urte zituenean bere aiton-amonek sekula ahaztuko ez zuen opari bat egin zioten, ohe elastiko bat. Harrez geroztik, salto eta salto aritu da gaztea, norabide guztietako jauzi eta itzulipurdiak egiten. Bost urteren baitan, zornotzarrak Espainiako titulua lortu du azaroan ospatu zen lehenengo txapelketa nazionalean. «Inoiz ez nuen pentsatuko hain urte gutxitan Espainiako txapeldun izatera iritsiko nintzenik», dio emozioz beterik.

Baina lortutako meritua ez zaio zerutik etorri. Sergik gogor entrenatzen du astero bere teknikak hobetu eta erronka berriak gainditzeko. «Nahiz eta askok uste duten akrobaziak egitea erraza dela, ez da horrela. Oso konstantea izan behar da eta kontzentrazioa behar da ere», azaldu du. Zornotzarra ‘Serflips’ ezizenaz ezagutzen dute modalitate horren munduan. ‘Ser’, bere izenagatik eta ‘flips’ ingeleseko ‘itzulipurdi’ hitzetik.

Pasa den azaroan Nafarroa Arenan ospatu zen Parkour-eko Espainiako Txapelketa hori kirol horretan egiten zen lehenengo txapelketa izan zen, nahiz eta aurreko urtean ‘Parkour Spain Series 2021’ ospatu zen Iruñako pabilioian. Aurtengoak estatuko ehun kirolaririk onenak bildu zituen zirkuitu zoragarri batean, eta bertan modalidade horretan erreferenteak diren Stefy Navarro, Aaron Boom eta Alberto Gómez (Mini) presente egon ziren ere. Bere akrobazia liluragarriei esker, ‘Serflips’ek urrezko domina lortu zuen 17 urte beherakoen kategorian. Publikoa ahozabalik utzi zuen bere akrobazia eta triple mortalekin. «Oso oso pozik nago lortutakoarekin. Egin ditudan akrobaziengatik irabazi dut gehienbat txapelketa hau eta honek aurrera jarraitzera motibatzen nau», azpimarratzen du txapeldunak.

Modalitate hori hobeto ulertzeko, hona hemen azalpen bat: parkour-a jarduera fisikoa da, gizabanakoaren mugitzeko gaitasunean oinarritua dagoena eta modu naturalean garatzen dena. Helburua, inguruneko puntu batetik bestera ahalik eta modu erraz eta efizienteenean mugitzea izango litzateke, gorputzaren laguntza hutsarekin inguruaren eskakizunetara egokituz. Izan ere, ‘parcours’ terminoak ‘ibiñbide’ esan nahi du frantsesez.

«Begiak zabalik»

Sergik gogoz prestatu zuen hitzordu hori. Bazekien irabazteko arriskatu egin beharko zuela. «Jauziko akrobazia batekin diseinatu nuen ibilbidea, biraketa bikoitzeko itzulipurdi mortal bikoitzarekin. Eta primeran atera zitzaidan. Horri epaileek eskatzen dituzten oinarrizko akrobaziak gehitu nizkion, eta txapelketa eraman nuen», adierazi du zornotzarrak. Gaineratu duenez halaber, derrigorrezko akrobaziak dira aurrera, atzera, albora, 360 gradutan eta twist biratzea, gorputzaren ardatz bertikalaren inguruan biratzea, alegia. Gaineratu duenez halaber, puntuazioak ariketaren eta gauzatzearen zailtasuna hartzen du kontuan.

Kirolariak berak aitortzen duenez bestalde, mota horretako biraketek segundo bakar bat baino gutxiago iraun dezakete. «Salto egiterakoan zure buruak ez daki non dagoen ere, horregatik da oso garrantzitsua adi egotea. Uneoro izan behar dituzu begiak zabalik, non zauden eta lurra non dagoen kontrolatzeko. Arikera mental zorrotza da, baina bilatzen duzun emaitza lortzen duzunean gozamena da», azpimarratzen du gazteak.

Horregatik, arduraz aritzeko deia egiten die herritarrei, ezinezkoak diruditen salto horiek egitea ez delako egun batetik bestera lortzen. Izatez, Serflips-ek adierazi duenez, «askotan erori naiz baina momentuz ez naiz lesionatu, eta horrela jarraitzea espero dut. Nik saltoa egin baino lehen, nire buruan irudikatzen dut dena, prozesu guztia, eta ondo irtengo dela ziur daukadanean, orduan bakarrik egiten dut salto».

Sergik bere kabuz entrenatzen du astean hiru egunetan. Entrenamenduak airtrack eran egiten ditu, airea duen jauzietarako koltxoneta bat dena, Getxon dagoen La Fabrika izeneko gimnasio batean. Bestalde, Barakaldoko On Gravity izeneko espazioan dauden ohe elastikoetan aritzen da ere. Horretaz guztiaz gain, bere gimnasio propioa dauka etxean, eta egiten dituen pirueta guztiak bere sare sozialetan partekatzen ditu @serflips izenpean. «Jauziak prestatzen ari naiz pixkanaka, eta ez dut amore ematen irteten zaizkidan arte. Jauzi hirukoitza egitea ere lortu dut. Datorren urtean Espainiako Txapelketa Absolutura aurkeztuko naiz».

Momentuz, bere batxillergoko ikasketekin jarraitzeko asmoa dauka, baina horiek behin amaituta, Bartzelonara joatea gustatuko litzaioke. Bertan dagoen ordezko aktore izateko eskola batean izena ematea da orain bere ametsa, film eta telesailetan eszena arriskutsuetako aktore espezialista izateko. «Nire pasioa da hau eta horretaz bizitzea da gehien gustatuko litzaidekeena», dio.

Nork esango zion Sergiri, bere aiton-amonek 2017an ohe elastiko bat oparitu ziotenean, hobby bat bezala hasi zena bere bizitzeko moduan bilakatuko zuela. «Salto egiten hasi eta segituan sentitu nuen hori izango zela nire pasioa», dio Espainiako Txapelduna de zornotzarrak.

Enlace de origen : «Akrobaziak egitea ez da erraza, oso konstantea izan behar zara»