Delphine Horvilleur Nancyn jaio zen, Frantzian, 1974an. Idazlea, filosofoa eta errabinoa da. Jerusalemen egin zituen hebreerazko eta arabierazko ikasketak, eta kazetaritzan jardun zuen gaztetan. New Yorkera jo zuen gero, Talmuda ikastera. 2008an, 33 urterekin, jaso zuen bere errabino ordenazioa. Susmatuko duzuenez, munduan ez daude emakume errabino asko. Esaterako, genero aldaerak jasotzen dituen Elhuyar hiztegiak ez du baliokiderik erdarazko ‘rabina’ hitzerako. Maskulinoa baino ez du jasotzen. Frantzian errabino izendatutako hirugarren emakumea izan zen Horvilleur, eta bere sorterriko Mugimendu Judutar Liberalaren ahots nagusietako bat da. Hainbat liburu kaleratu ditu, eta lagun batek gaztelaniaz argitaratu dioten lehena oparitu zidan duela gutxi, ‘Vivir con nuestros muertos’ (Libros del Asteroide, 2022). Urte honen hasieran bertan, bigarrena kaleratu diote, ‘Reflexiones sobre la cuestión antisemita’ (Libros del Zorzal). Nago gehiago ere iritsiko direla, egile benetan interesgarria baita.

Nire eskuetara heldu den ‘Vivir con nuestros muertos’ heriotzari buruzko saiakera adierazgarria da, argitasunez eta gardentasunez idatzia. Eta kontraesankorra dirudien arren, bizi pozez. Bizitzaren alde. Bakoitzari berea, biziei zein hilei. «Ez dago ezer arriskutsuagorik hildakoei hitz eginaraztea baino. Baina ezer ez da sakrilegoagorik haiek isilaraztea baino». Horvilleurrek hileta zeremoniak eskaintzen ditu hilerrietan. Hildakoez hitz egiten du, narrazio bat eraikitzen du haien inguruan, hildakoaren senideak laguntzen ditu azken agurrean… Bitxia bada ere, Horvilleurrek laikotasuna defendatzen du. Laikotasuna irekiera bezala ulertuta. Gureak ez diren sinesmenei leku bat ematea bezala. «Laikotasunak defendatzen du gure bizitzako espazioa sinesmenez betetzen dela, eta ziurtasunik gabeko hutsune bat bermatzen du beti. Fede edo kidetasun batek espazio osoa bereganatzea eragozten du. Zentzu horretan, laikotasuna transzendentzia da. Esaten du beti dagoela bertan nire sinesmena baino zabalagoa den lurralde bat, arnasa hartzeko bertara iritsi den beste batena hartzeko gai dena».

Horvilleurren hildakoen zerrendan daude, esaterako, ‘Charlie Hebdo’ aldizkariaren aurka egindako atentatuan erail zuten Elsa Cayat psikoanalista, harekin idatzizko harremana izan zuen Marc, Auschwitzetik bizirik irtendako Sarah, Simone Veil eta Marceline Loridan-Ivens ‘Birkenauko neskak’, Isaac txikia, Ariane, urte luzez bere hileta xehetasun osoz prestatu zuen Myriam… Eta guztien istorioekin batera, judutar tradizioko hainbat kontu eta bitxikeria agertzen dira, saskiaren metafora, ‘kadish’ari buruzko xehetasunak, eta, nola ez, txisteak (Itxitura esparruetatik bizirik atera eta umore beltza egiten ari diren bi judutarrei kargu hartzen die jainkoak: «Nola ausartzen zarete izugarrikeria horren kontura txantxak egiten?». Eta erantzuten diote biek: «Zer dakizu zuk, zu ez zeunden-eta han!»). Nola nahiko genuke gogoratuak izan? Nola gogoratu tragedia batean hildakoak? Zergatik ez gogoratu zoriontsuak izan ziren bitartean? Adibidez, haurrak baldin baziren, lehen aldiz esne-gain harrotua jan zutenean. Nola erail daiteke norbait jainkoaren izenean? Ze Jainko «handi» bihurtzen da bere ohorea gizon batzuek gorde behar izateko bezain «txiki»? Zergatik ehortzi gorpuak, zergatik erraustu? Zergatik uzten dituzte judutarrek harriak hilobietan loreen ordez? Nola gonbidatu hildakoen bila datorren Azrael aingerua beranduago etortzera? Zer gertatu zen Isaac Rabin erail zutenean?

Hebreeraz, ‘jaim’ hitzak bizitza esan nahi du, baina pluralean. Hizkuntza horretan hitz hori ez da singularra. Bizitza asko omen dauzkagu, ez elkarren jarraian, ehunduta baizik, hariak bezala, existentzian zehar elkar gurutzatzen direnak. Liburua erro beretik datorren ‘Lejaim!’ hitzarekin amaitzen du idazleak. «Bizitzagatik!». Haren arbasoak Westhoffenetik datoz. Hango gereziak ez dira inoiz hiltzen. Lurretik erauztean ere, biziari eusten diote. Nahikoa da haiek pattarrean murgiltzea joandako belaunaldien alde topa egiteko.

Enlace de origen : Gure hildakoekin bizitzea