Chillida Lekura hurbiltzen naizen bakoitzean, larre berde eta baso hostotsuekin mimetizatzen diren eskultura indartsu eta erraldoiei diosala egin ostean, ezin asko itxaron Zabalaga baserrira sartu gabe, beheko solairuan ‘Ikaraundi’ lana ote dagoen ziurtatzera, bildumako pieza garrantzisua izanik normalean ikusgai egon ohi baita, aldizkako erakusketa bategatik zenbaitetan kendu egin behar izaten baitute. Artistaren lan handiekin konparazioan txikia, pieza delikatu eta intimoekin alderatuta berealdikoa, Chillidaren lengoaia propio eta bikaina agertzen du, hurrengo hamarkadetan diziplina eta tamaina arras ezberdinetan garatuko duen pentsamendu plastiko konplexu eta poetikoaren oinarriak biltzeraino.

Arkitektura ikasketak utzita, 40ko hamarkada amaieran bete-betean eskulturara ekitea erabakia zuen Chillidak, Parisera lekualdatuz eta hasieratik heldutasun nabarmeneko lanak osatuz, izan eskultura greziar arkaikotik edaten zuen figurazio sintetiko eta klasizista ederreko lanak -‘Tortsoa edo Forma’ (1948), adibidez-, zein abstrakzio geometrikoranzko jauzi goiztiar eta indartsua, ‘Ilarik’ (1951), lehenengo ‘Haizearen orrazia’ (1952) edota Arantzazuko Basilikarako osatu ateak (1954), kasu. Segituan, oraindino gaztea zela -30 urte eskaseko gizona-, maisulan ezberdinak osatu zituen. 1950eko hamarkadaren erdialde hartan, hain justu Jorge Oteiza geometrizazioranzko eta materiaren hustuketan atzera bako bidean murgilduta zenean, Chillidak informalismoan, zehazki burdinezko plantxa ezberdinen lanketa plastiko espresiboan aurkitu zuen jarraibide bikaina.

1955etik aurrera osatu ‘Hierros de temblor’ seriean, euskarritik haratago haziz doazen adaska itxurako burdinez konfigurazioek, lodi edo meheagoak, espazioaren esplorazioa bilatzen dute, azken emaitza era jarraian garatzen den plantxa bakarra izango bailitzan. Ildo hau abiapuntu duten lanen artean, ‘Ikaraundi’ (1957) monumental bezain fina dugu, estetika sugerente honen goren puntua. Piezaren oinarria dialgonalki altxa eta idulkiaren baitan eremu gutxi batzuetan eusten diren puntuetan aurkitzen dugu; horietatik, brontze plantxak, bortizki moztuak zein indarrez torsionatuak, konfigurazio angelutsu eta sigi-sagatsuak osatzen dituzte, norabide argirik barik, gorantz beti, 1,5 metroko luzera hartzeraino peanaz haratago hedatuz, eskultura tradizionalaren konposizio trinko eta itxia desafiatzeaz bat, Chillidak hurrengo hamarkadetan sakonki garatuko dituen auzi ezberdinak sintetizatuz.

Kubismo analitikoak errealitatea planu ezberdinetan desestrukturatzen zuen bitartean, Chillidak planu ezberdinen segida eta jarraipen ezinezkoa garatzen du. Izan ere, itxurazko efektu kaligrafiko gestuala patxadaz begiratzean konposizioaren barne konfigurazio konplexuaz ohartzen gara. Hala gertatu zitzaidan Bilboko Arte Ederren Museoan Alicia Koplowitzen bildumako lanen artean artistaren ‘Rumor de límites VI’ (1960) eskultura aztertzean, metalezko xaflen deskonposizioa eta jatorrizko ustezko abiapuntua inolaz ere bat ez zetozela ohartuta, Chillidaren lana pieza bakar baten tortsioak ez, gehituak zaizkion bestelako adarrak gehituta haziz doala, zuhaitz zahar eta irregular bat nola.

Antzeko zerbait egiten du ‘Ikaraundi’ lanean, airean garatu eta dardara egiten duen metalezko keinu grafiko espontaneoa bailitzan; izan ere, materiaren izaera gogorra bigundu, arindu egiten da piezotan, informalismo piktorikoaren pintzelkada keinukaria gogoratzeraino, arrazoitik haratagoko jestualitate azkar eta espresiboa bailitzan. Urte beretsuetan errekurtso minimoekin -papera eta tinta beltza- gauzatu grafismo orientalak gogorarazten dizkiguten marrazki ederretako trazu azkarra, kasu honetan forjaren prozedura tradizionalarekin espazioan modulatu eta solidifikatzea lortzen du artistak.

Hurrengo urte eta hamarkadetan, sorkuntza gaitasun jenial hau, bestelako material, eskala eta prozeduretan jarraitu zuen Chillidak serie ezberdinetan, izan zurezko muntatze indartsuak -‘Abesti gogorra’-, hutsaren inguruko burdinezko konfigurazio metafisikoak -‘Alrededor del vacío’-, argia harrapatzen duten alabastroak -‘Elogio de la luz’-, hormigoizko pieza hegalariak -‘Lugar de encuentros’-, buztinezko pieza gozo eta leunak -‘Lurrak’-, zein paperezko grabitazio finak -‘Grabitaciones’-, gutxi batzuk baino ez aipatzearren. Duda barik, euskal arteak eman duen kreazio sakon eta poetikoena oparituz, eskulturaren oinarri-oinarrizko elementuen -bolumena, espazioa, pisua, materia, argia- gaineko ikerketarekin, gizakion existentziaren misterioaren gaineko erantzunetara hurbiltzen laguntzen gaitu Chillidak.

Enlace de origen : 'Ikaraundi', burdin dardartiak